AMALURRAk, egun, ia 3000 metro karratuko baratza du, komunitatea osatzen duten familien autokontsumorako. Baratza era ekologikoan lantzen dute eta askotariko praktika eta teknikak erabiltzen dituzte, baina beti ere lurra biziberritzearen inguruko joerak ezagutu eta esperimentatzeko adi. Jarduera horretan aritzen denetako bat da Xabier Agirre, bera eta komunitateko beste hiru kideren artean daramate baratzaren zeregina.
Uda honetan uzta ederra datorrela dirudi, noiztik duzue abian baratza?
Aurrean duzun baratza honi orain hiru urte ekin genion, baina lurra lantzeko egitasmoa betidanik izan da komunitatearen funtsetakoa.Orain 20 urte lur hauetara iritsi ginenean hasi ginen jada lantzen, baina ahalegin gehiena etxeak eta eraikuntzak eraikitzera zuzendu behar izan genuen, eta beraz, asmoa atzeratzen joan ginen.Orain, kontzienteago lantzeko aukera dugu, zeren ekologia alderdi emozionaletik ere jorratu izan dugu, eta baratza-proiektu batekin hasi gara. 3 Ha lur inguru dugu eginkizun horretarako, eta apurka hasi gara, 2500 eta 1000 m2-ko bi lur zatirekin. Lehen lursailean eraikin zahar bat zegoen, eta eraitsi ondoren lur berriaz gain ongarri organiko mordoaz hornitu izan dugu. Tira… oraindik harri asko ageri da lurrean, pixkanaka goaz kentzen, baina ederra da ikustea lurra nola berreskuratzen doan. Bestea, berriz, ibai ondoko lurretan dago, eta lantzeko oso aproposa da.
Zer nekazaritza-mota lantzen duzue: ekologikoa, organikoa, edo bestelakoren bat?
Kontuan hartzen ditugu jarduera-mota bakoitzaren xehetasunak, nekazaritza tradizionaletik hasita, bertako baserritarrek egin ohi dutenari jarraituz, baina hori bai, ez dugu produktu kimikorik erabiltzen. Gutako zenbaitzuk formakuntza jaso dugu nekazaritza biodinamikoan eta permakulturan, eta orain arreta handia ari gara jartzen nekazaritza biziberritzailean. Beste batzuren artean, bokashia eta EM-a lantzen ari gara, permakulturako estaldura eta zapaldak erabiltzen ditugu eta sabai berdea probatzen ari gara. Eskola bakoitzetik balio diguna hartzen dugu, tokirako egokiak zaizkigun teknikak hartzen ditugu, dugun lurraren ezaugarri eta klima eta eman nahi diogun erabilera kontuan.
Nola antolatzen zarete lanak egiteko, txandak egiten dituzue? Komunitateak nola hartzen du parte?
Lanak egiteko, talde iraunkor bat eratu dugu lau lagunen artean, eta dugun prestasunaren arabera antolatzen gara behar diren lanetarako. Lan askoko unetan, patata biltzea denean esate batera, edota lursaileko harri-garbitzea denean, auzolanerako deialdia egiten dugu komunitate osoarentzat eta askotaz jende gehiago aritzen gara orduan, umeak barne; horiek lehen hasi-masitan dihardute lurrarekin.
Zer landu duzue orain arte? Uzta onak izan al dituzue?
Ohikoena landu izan dugu, jateko darabilguna: Porrua, letxua, babarruna, leka, ilarra, tipula, baratzuria, azenarioa, kuiatxoak, pepinoa, patata… Aurten kalabaza jarri dugu arto eta babarrun artean, eta oso ondo etorri da. Beste espezie batzuk probatzeko asmoa ere badugu: arta-txikia, amarantoa…
Eta nola banatzen duzue uzta?
Familien artean banatzen dugu biltzen duguna, 12 familia gara egun. Bilketa batean, adibidez kuiatxoena, ez bada guztientzat iristen, jaso ez dutenak izango dira hurrengokoa jasotzen aurrenak. Normalean, umeak aritzen dira etxeetara banatzen. Une goxoa izaten da atea jo eta barazkiz betetako otarra ekartzen dizutenean!
Zein helburu duzue baratzarekin, eta zein da aurrera begirako zuen asmoa?
Asmoa geuretzako adina izatea litzateke eta jatetxeko sukaldea ere geure baratzako produktu sanoez hornitzea. Landatzeko lursaila zabaltzeko asmotan gabiltza, eta agian soberakinak saltzeari ekin diezaiokegu, baina oraingoz asmoa baino ez da.
Ikusgai diren fruituez gain, zer ematen dio baratzak komunitateari?
Komunitateko jendearentzat, baratza behar bat zaigu bai geure buruarekiko bai lurrarekiko maitasunezko harremanerako. Gainera, geure seme-alabei lurra lantzen erakusteko aukera ematen digu, batez ere Lurrarekiko ditugun maitasun, begirune eta behar balioez.